DMCorporativewww.andresurdaneta.org
letra-tipo txikitu letra-tipo haunditu

XABIER ALBERDI LONBIDE, HISTORIAN DOKTOREA, URDANETAREN INGURUKO SOLASALDI-ZIKLOAN

ORDIZIA- BARRENA KULTUR ETXEA

 

“URDANETA ETA BERE GARAIA” SOLASALDI-ZIKLOA

Otsailaren 21a – 19:00

“Urdaneta, XVI. Mendeko euskal itsas zabalkundearen adibide” –Xabier Alberdi Lonbidek emango du hitzaldia – Historian doktore

 

Andres Urdanetaren figura eta bere garaia  ezagutzeko solasaldi-zikloarekin jarraituz, datorren ostegunean, otsailaren 21a, Xabier Alberdi Lonbide historian doktoreak hitzaldia emango du “Urdaneta, XVI. Mendeko euskal itsas zablakundearen adibide” izenburupean. Barrena Kultur Etxean izango da hitzordua, 19:00etan.

 

Urdanetaren garaiak, hau da XVI. mendearen lehen zatia, benetan erabakigarriak izan ziren Gipuzkoako itsas historiari dagokionez. Jakina da euskal itsas zabalkundea garai haietan bere gailurrera iritsi zela, izan ere orduko gure itsasgizonek, Urdaneta barne, mundu osoko ozeanoak zeharkatu eta menperatu bait zituzten. Ez dira, ordea, hain jakinak edo ezagunak zabalkunde hori eragin zuten arrazoiak eta garai hartan garatu ziren aldaketa sakonak, aurrerantzeko Gipuzkoako itsas historiaren ezaugarriak finkatuko zituztenak. Izan ere, hitzaldi honek aldarrikatu nahi duen hipotesia nagusietako bat da, XVI. mende hasierako itsas zabalkunde hau Erdi Aroaz geroztik abian zetorren prozesu baten gailentzea izan zela eta gertakari honen eraginek aurrerantzean gure itsas historiaren bilakaera erabat moldatu zutela.

Hitzaldi honetan gure itsas historiaren bi alderdi horiek landu nahi dira. Batetik, XVI. mende hasierako itsas zabalkundea eragin zuten arrazoiak landu nahi dira, besteak beste aipatzekoak direlarik:

- Euskal ontzigintza eta itsasketaren garapena.

- Gure kostaldeko itsas baliabideen monopolizazioa.

-Gure kostaldetik at garatzen ziren itsas jardueren gorakada indartsua (itsas garraio eta merkataritza, itsasoz handiko arrantza,...)

-Gaztelako Koroaren eta euskal itsas jardueren eragile nagusien interesen arteko akordioa.

-Gaztelako merkatarien eta euskal itsas jardueren eragile nagusi horien interesen arteko akordioa.

- Euskal lurralde desberdinen arteko harreman diplomatiko berezien garapena.

Bestetik, ondorengo Gipuzkoako itsas ekonomiaren bilakaera bideratuko zuten itsas zabalkunde horrek eragindako aldaketak aztertuko dira, besteak beste aipatzekoak direlarik:

- Erdi Aroaz geroztik indartsu garatutako zenbait itsas jardueren gainbehera (itsas garraioa, kortsoa) beste jarduera batzuen mesedetan (itsasoz handiko arrantza, ontzi handien eraikuntza, Amerikarekin merkataritza harremanak,...) .

- Kostaldeko herrietako itsas jardueren eragile nagusien interesetara makuruko dira tokian tokiko udalbatzak.

- Biztanle xumeen aurkaritza ekiditeko eragindako neurri legislatibo eta politikoak.

- Biztanle xume horien eta itsas jardueren eragile horien interesak ustartzen zituen enpresa antolaketa sistema baten garapena.

- Koroaren politika inperialista itsas jardueren eragile nagusi horien interesak ez zapuzteko Gipuzkoako Probintziak bultzarazitako neurriak.

 

 

Xabier Alberdi Lonbide-argazkia
Xabier Alberdi Lonbide




www.dmacroweb.com - Creación de sitios web, portales, CMS, B2B, B2C, aplicaciones extranet / intranet
Copyright © 2007 Dynamic Macroweb & Design S.L. Eskubide guztiak babestuak.
DMacroWeb-ek eraikitako web orria DM Corporative erabiliz